http://paperekoa.berria.info/plaza/2010-10-05/032/006/baztertzen_ezabatzen_egiara_iristeko.htm
BAZTERTZEN, EZABATZEN, EGIARA IRISTEKO
Jesus Mari Lazkanoren obra esanguratsuen erakusketa zabaldu du Arte Eder museoak
Bilboko museoa bera ardatz duen serie berri bat eta Mies van der Rohe eta Wrighten omenez eginiko margolanak daude ikusgai
Denboraren iragaitearekin batera jasotako irakaspen horrek arrastoa utzi du Lazkanoren lanetan. Bilboko Arte Eder museoan irekitako Arkitekturatik naturara erakusketan bildutako 80tik gora lanek pintoreak urratutako ibilbidearen berri ematen dute. 1999tik 2006ra artekoak daude batetik; eta Arte Eder museoa bera ardatz harturik berriki ondurikoak, bestetik. Azken horiek aurrenekoz daude jendaurrean ikusgai.
Txillida eta Oteiza, basoan
Hogei inguru dira, denera, Bilboko pinakotekan oin hartuta Lazkanok sortu dituen lanak. Museoak, hots, eraikinak indar nabarmena du serie horretako lanetan, baina emeki-emeki paretak desagertuz doaz, eta lerro zurrun horizontal eta bertikalak ezabatuz.
Arkitekturak naturari irekitzen dio bidea; edo naturak berak berreskuratzen du arkitekturak aurrez ebatsi dion espazioa. Pareten ordez, leiho zabal eta beirateek hartzen dute tokia, eta museoaren kanpoaldeko parkeak indarra hartzen eta presentzia irabazten du, lan batzuetan baso itxura hartzeraino.
Txillidaren eskulturak elurrak zuritutako baso sakonean daude orain. Eta baso horretako haize mehe hotzak zeharkatzen ditu Oteizaren esferen espazio hutsak.
Naturak arkitekturari gaina hartzen dion heinean azalarazten dira Lazkanoren naturari hertsiki loturiko arkitekturak.
Jose Maria Uzelaik San Bartolomeko bolo partida koadroan margotutako zerua itsaso bihurtu du Lazkanok Gure Uzelai zeruan zarana margolan handi ederrean. Eta Giacomettiren hanka luzeko gizonetako bat Gorbeiako negu hotzera eraman du, basoan galdaraziz.
Etengabeak dira pinakotekaren bilduma osatzen duten artistei eginiko keinuak. Durero, Bacon, Mogrobejo eta Serraren obrez mintzo diren obrak osatu ditu Lazkanok, ohikoa duen errealismo zorrotzaz. Eskulturez eginiko margolanak argazkiak dirudite askotan.
Tamaina handiak lilura areagotzen du zenbaitetan. Ia arnasa eteterainoko zirrara sentiarazten dute, besteren artean, Antxoras eta Alvar Aalto buscando la luz en Arratxu margolanek.
Lazkanoren azken urteei begirako erakusketa izanik, ezin zitezkeen faltatu Frank Lloyd Wright eta Ludwing Mies van der Rohe arkitektoen omenezko lanak.
2006. eta 2007. urteen inguruan sortuak, arkitektura eta natura bateratzeko artistak izan duen irrikaren erakusle gailenak dira. Wrighten Fallingwater etxea eta Mies van der Roheren Chicagoko Farnsworth etxeak ageri dira koadroetan. Paraje naturaletan daude biak, landaredia berde eta hostotsuaren artean, eta kanpoko espazio horrek, naturak, arkitektura harrapatzen du, hau da, etxeen barrualdea.
Lanok egin zituenean, arkitekturaren alderdi gogorra jorratzetik zetorren Lazkano, eta gero eta gehiago erakartzen zuen naturari bidea egiten uzteko joerak. Etxe biak arkitektura modernoaren paradigma dira, baina naturak bizi ditu, zuhaitzek, urak, landarediak.
Lazkanoren arkitektura, oro har, naturak bizi du. Arkitektura eta naturaren arteko borroka eta elkargunea da artista gipuzkoarraren obra.
Figurazio berria, errealismo berria edota plastizismo berriaren barruan sailkatu izan dute adituek. Alabaina, modu batera edo bestera izendatuz, Lazkanok ez dio mugarik jartzen bere pinturari, etengabean elkarri gainjartzen zaizkion arkitekturari eta naturari jartzen ez dizkien bezala. Arkitektura ordena da, erregularra, zurruna, hotza, trinkoa. Ordea, natura organikoa da, librea, malgua, kaotikoa. Eta pintorearen obran harreman ezegonkorra dute elementu biek. «Kiribil modukoak dira; gora eta behera egiten dute; aurrera eta atzera: baina inoiz ez diote elkarri hartzen guztiz».
Erakusketan aurkeztutako lan guztietan antzeman daiteke harreman bihurria, seriea eta urtea edozein dela ere.
ERAKUSKETA
Izenburu: 'Lazkano. Arkitekturatik naturara'.
Lekua: Bilboko Arte Eder museoa.
Noiz arte: 2011ko urtarrilaren 16a arte.
Jesus Mari Lazkanoren flickr-a:
http://www.flickr.com/photos/jon-ntx/sets/72157617609494179/
Beste link bat (Urdaibairi loturikoa):
http://www.elcorreo.com/vizcaya/ocio/gps/planes/24102008/planes-buena-vida-jmlazkano.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario